2008(e)ko apirilaren 20(a), igandea

ADI







Aldudeseko lurren gainetik
Adi (1458 m) Kintoa
GOAZEN MENDIRA!!!!

Adi eta Saioa eskualde honetako mendirik garaienak dira eta Mediterraneo eta Kantauri itsasoetako isurialdeak banatzen dituzten lerroan aurkitzen dira. Pirinio garaietarantz hurrengo urratsa ekialderako aurkitzen den Ortzanzurieta da, inguruetako tontorrak apalago baitira.
Kintoa (Quinto Real) eskualde honen izena Erregeari ordaindu beharreko zergatik dator, bertako basoetan txerriek bazkatu ahal izateko, hain zuzen ere. Aldudeseko herritarrek, Bankakoekin eta Urepelekoekin batera bertan azienda uzteko baimena zuten; hortaz, Aldudeseko eskualdea ere deritzo; Erro eta Baigorriko ibarren arteko tirabirak XV. mendetik gatazken ondotik Elizondon 1785 urtean sinatutako akordiorarte iraun zuten.
Inguru honetan pagadi zabala aurki dezakegu, Iruñetik hurbil eta Arga ibaia osatuko duten uren iragazi naturala sortzen duena. Garai batean ehiza larriagatik ezagunak izan ziren, bertan orein-mihi eta adarzabal aunitz bizi baitzen. Iraila partean animali ikusgarri hauen marrualdia entzuteko tenorea da.
Irteera honen abiapuntua Urkiagako lepoa izanen da. Aldez aurretik, bidaian, Iruñerrian edaten dugun uraren hornidurarako Urtasungo tratamendu plantatik eta Eugiko urtegitik pasako gara. Zertxobait aurrerago magnesita minerala ustiatzeko arrobi itzelak ikusiko ditugu. Inguruan dauden burdinolak eta armategiak, Olaberri izenekoa, zeharkatuko ditugu; guzti hauek basoetako egurraz eta ibaiko uraren indarrez baliatu ziren. Egun, arrain-haztegi baten aztarnak ere badira; non ote daude amuarrainak!
Urkiagatik eskuinaldeko bidea hartuko dugu, usategiak inguratzen dituena, eta bidexka errez batetik Adi tontorrerako aldapa zorrotza igoko dugu. Jeitsiera Odiako erreka-zulotik eginen dugu, benetan leku zoragarria.
Inguru honetan gizakiaren mehatxuak nonnahi topa ditzazkegu: Frantziarako autobidea Sorogainetik, urtegia egiteko proiektua edota Baztan aldeko Erdiz parajean ustiatu nahi zuten harrobi berria.
Zaindu ditzagun gure mendiak!!!!

2008(e)ko apirilaren 6(a), igandea

ARBURUA







Zaraitzuko herri ahaztuak
Arburua (1.030 m) Zaraitzu
GOAZEN MENDIRA!!!!
Zaraitzuko ibaxa iparrean dituen herriengatik ezaguna da, hala nola Otsagi, Ezkarotzeean edota Jaurrieta, baina baditu beste zenbait herri hain ezagunak ez direnak (mapan duten kokapena zehaztea zaila suertatzen zaigu): Igari, Izize, Galoze, Uskartze…
Antzinako ekonomia, egurgintzan, aziendetan, eta beranduago patata landetan oinarritua, aberatsa zen, baina jarduera hauen gainbeherak eskualdeko populazio murrizketa eragin du. Ibaxeko hegoaldeko herriek nabarmenki pairatu dute gertaera hau, honela, Arburua mendiaren inguruko herriek biztanleria gutxi dute: Galozen 9 lagun bizi dira urtean zehar eta Uskartzen 40; asteburuetan eta udan pertsona gehiago bizi da.
Arburua Areta mendilerroan kokatua dagoen tontor xumea da. Inguruan, aurreko urteetan bisitatu dugun Olagato mendia aurkitzen da. Mendia Solame izeneko txintxurraren bitartez, Zaraitzu ibaiak ekialdetik-mendebaldera hedatzen den tolesturaren gainean dago. Arroil honek Zaraitzu ibaxaren haizeak bideratzen ditu, hainbatetan indartuz.
Gailur-lerroan Arburua baseliza aurkituko dugu, garrantzian ibaxeko bigarrena, Otsagiko Muskildaren atzetik. Inguruko herriak ekaineko lehen igandean erromerian igotzen dira.
Gailurra ermitatik km batetara dago, HE norabidean. Bertan buzoia dago, baina inguruko zuhaitzek ez dute paisaiaren ikuspegi zabala ematen.
NOLA IRITSI: Jaca-Huesca errepidea hartu, Judaseko bentaraino, non Ilunberriko norabidea jarraituko dugun, Otsagirantz abiatzeko. Nabaskoitze iragan eta 10 km aurrerago ezkerrean Izize-Galoze adierazten duen seinalea aurkituko dugu. Denera 70 km dira. Bidaian Arbaiungo arroileko behatokian gelditzea merezi du, hormatzarrak eta saien hegaldiak ikusteko